Euskararen Nazioarteko Eguna - Euskara Mundiala!
Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eusko
Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak egun
horretarako prestaturiko kanpaina aurkeztu zuen hilaren 22an.
EiTBrekin lankidetzan burutuko den kanpaina, euskara mundiala
dela erakustera dator aurten, eta etorkizunerako erronka erabileran
dagoela azpimarratu nahi du. Sare sozialak erabiltzeko gonbidapena
eginez, euskara mundiala dela ez ezik, munduan dagoela ere azalduko du
kanpainak.
Mundiala da aurtengo leloa Iturria: Euskadi.net
Euskara hizkuntza modernoa, erabilgarria, bizia, gaztea, noranahikoa,
geurea… baina batez ere mundiala dela erakutsiko du aurten abenduaren
3rako prestatu den kanpainak. Mundiala, geure hizkuntza delako batetik;
eta bestetik, mundu zabalean dituen milioi bat hiztunei hitza eman nahi
dielako (800.000 inguru Euskal Herrian, 200.000 munduan) Hiztun
horiengan erabileraren aldeko sentsibilizazio lana ere egin nahi du
kanpainak, hizkuntzaren erabileran baitu euskarak etorkizuneko erronka
nagusia.
Euskara esparru ez ofizialetan ere erabiltzeko modukoa dela agerian utzi nahi du #mundiala
kanpainak (sare sozialetan edo lagun arteko giroan, kasu), eta gaur
egungo komunikazio tresnetara egokitzeko gai dela ere bai. Sare sozialen
loraldia baliatuta, mundu zabaleko euskal hiztunak konektatuko dituen
sarea osatuko du. Eta horretarako jaio da beren beregi mundiala.net ataria, herritarrei txioak bidaltzeko gonbidapena egiten dien gunea.
Twitter-en dauden 35 hizkuntzetako bat da euskara. #mundiala
kanpainarekin sare sozialetan euskararen erabilera bultzatu nahi da,
eta bide batez munduan dabiltzan milioi bat euskal hiztunak, urrunekoak
zein bertakoak, nondik nora dabiltzan ikusi, edo elkarrekin nola konekta
daitezkeen azaldu.
Mundiala.net
Bidaliozu txio bat munduan zehar dabilen lagunen bati. Horixe da mundiala.net atariak
bertara sartzen den erabiltzaileari egingo dion gonbidapena. Munduko
edozein bazterretan, edo auzoan bertan bizi den lagunari txio bat euskaraz bidaltzeko gonbidapena da. Bat edo nahi adina. Txioa euskaraz izatea beste baldintzarik ez dago. Bidalitako txioguztiak,
eta egin duten bidaia, kanpainaren mundu mapan azalduko dira
irudikatuta. Mundu zabalean bizi diren euskaldunen kokalekuak
identifikaturik geldituko dira horrela mapan, mezua igorri edo jaso den
lekuan argi bat piztuko baita.
Txio bat pertsona
bati zuzenean bidali ordez modu irekian bidaltzen bada, norberaren
jarraitzaileei iritsiko zaie. Kasu horretan ez da batere argirik
piztuko, baina atariak duen kontagailuan zenbatua geldituko da txiohori.
Bidalitako mezu kopurua bezalaxe, erabiltzaile kopurua, mezuek egindako
kilometroak eta partaide diren herrialdeen kopurua ere erakutsiko du
atariak.
EiTBren lankidetzarekin gauzatu da kanpaina, eta
abenduaren 3ra arte, talde horretako hedabideetatik kanpainan parte
hartzea sustatuko da. Esatari eta aurkezleek txioak bidaltzeko gonbidapena zabalduko dute, eta saioek eurek ere mezuak bidaliko dituzte. Azaroaren 20tik irekita dago mundiala.net ataria, eta dagoeneko hasi da euskarazko mezuen joan-etorria mundu mapan irudikatzen.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina