2014-10-24

Urriak 24: Liburutegiaren eguna

LIBURUTEGIAREN EGUNA 2014

ANA MARIA MATUTE-ren omenezko pregoia

- Ana Maria, esnatu!

Printzea begira gelditu zen. Polita zen, ilea beltza, begiak handiak, ahoa haragitsua. Ondoren emeki-emeki sorbalda ikutuz kulunkatu zuen. Berriz eragin zion:

- Benga, emakume, ordua dela!

Tarte bat pasatu ondoren Ana Maria mugitzen hasi zen. Hasteko hatz bat mugitu zuen, ondoren bekaina, gero begi bat zabaldu zuen apur bat.

    - Eta zu ... nor ... zara?- Galdetu zuen, ahalegin handiz.
- Ni Printze Urdina naiz!


- Zer?

- Printzea ... ez al zara akordatzen? Maitatu egin behar gara.

- Derrigorrezkoa al da?

- Noski, usadioak horrela dio.

- Horrela bada, zoaz pikutara!

Ana Mariak alde batera egin zuen eta berriz lokartu zen. Printzea harrituta gelditu zen oso. Ohe hertzetik jaiki zen eta gelan ibiltzen hasi zen. Denboraren amaraunak kurtina astunetatik zintzilik ikusi zituen, alabardariak tente lo, baten sudurra bestearen sudurrean sostengatuta. Ikusi baino gehiago entzun egin zituen sorgindutako jauregiko haren bazter guztietatik iristen zitzaizkion zurrungen sinfonia zaratatsua; zaindari indartsuen zurrunga ikaragarriak, kapilau lodikoteen zurrunga traszendenteak, zurrungak, zurrungak, zurrungak ... Belarriak tapatu egin behar izan zituen lurrikara zaratatsu haren biktima ez izateko ... eta orduan konturatu egin zen: beheko sua ere lo zegoen!. Hurbildu egin zen, esku bat gerturatu egin zuen harri bihurtutako sugar haiei eta bere baitan bilduta sentitu zen ... Konta ezineko denboraldia igarota, begibista altxatu eta liburu ilara batekin betetako apalategia ikusi zuen. Ipuin liburuak ziren; tresna bakarrak ziren toki haretan hauts zein amaraunik bildu gabe. Printze batengan zeharo arraroa den keinua eginez, eskuin eskuko hatz erakusle dardartiarekin liburuetako tituluak ukitu zituen: Charles Perrault-en 'Antzinako ipuinak', 'Grimm anaien ipuinak', 'H.C. Andersen-en ipuinak', Ana Maria Matuteren ipuinak' ... Azken hau irakurtzerakoan, bihotza dilin-dalan hasi zitzaion. Liburua atera eta ireki egin zuen. Ordenarik gabe irakurtzen hasi zen: 'Denok oheratzen gara otsoarekin. Egin ezin duguna amonarekin nahastea da'. 'Haurtzaroa bizitza baino luzeagoa da'. 'Maitatzen ez duena hilik dago'.

Esaldi hau bukatu zen unean, zurrungak isildu egin ziren eta bapatean beheko sua berpiztu ezin zen. Printzeak albo batera egin zuen.

- Hori da, orain nire gauzetan kuxkuxeatzen has zaitez- entzun zuen bere atzean, eta tximeneako ispiluan ikusi ahal izan zuen, ohe ikusgarritik nola jeikitzen zen dama ikusgarriago bat. Ia ehun urte, ilea zeharo urdinduta eta irrifarrea zeharo gardena- Jakin ahal daiteke zer egun den gaur?
- Gaur?- Printzeak ez zuen arrastorik.

- Oraintxe oroitu naiz!- deiadar egin zuen damak- Urriaren 24a da! Liburutegiaren eguna!. Ez zaitez hor ergelduta gelditu, haurrak zain ditugu eta! Goazen Printze Urdina, mugi ezazu ipurtzar hori!

Antonio Rodríguez Almodóvar

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina