Inortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Eta nik baietz berriro ere, ez nenbilela gezurretan eta niregan fede pixka bat izateko erregutu nion. Baina alferrik, hau entzundakoan barrez lehertzen hasi eta atea kolpe batez itxi baitzuen.
Hamalau urte zituen Anuk-ek, eta zin egin dezaket hori izan ohi dela mutiko batentzat adinik txarrena, ume hutsa baita heldutasunez baina bere harrokeriak eta itsutasunak ez baitio hori ikusten lagatzen, nahiz eta nik adibidez ez nuen fase hori igaro.
Esan beharra daukat denbora asko zela jada etxean egia kontatzeko erabakia hartu nuenetik, 10 urte luzez ari bainintzen Anuk eta gainontzekoen sabaipean bizitzen, amaren janari eginberria dastatzen eta aitonak hilero konpontzen zuen dutxan garbitzen. Beraz, Alaskako punta hotz horretan, mundua une batetik bestera bukatuko dela dirudien itsasoaren azken geltokian horrenbeste denboran gorde izan nuen kutxa atera nuen logelan. Adoptatua nintzenez nork edo nork pentsatu lezake Alaskan jaio, bizi eta bertantxe hilko diren nekazari familia batek beren etxean hartu izana zaila egingo zitzaidala. Baina ez da sekula horrela izan. 8 urte nituelarik nire aberri maitea lagatzera behartuta ikusi nuen neure burua. Han jazo ziren gertaera tamalgarri eta gogorrak neure azalean bizitzea baino nahiago nuelako beste alde batera begiratu eta alde egitea. Oraindik ere, nire herriari egin ziotenaz oritzen naizenean, eta sarritan izan ohi da hori, sua sentitzen dut bihotzean. Su gordina eta latza, eta min ematen dit.
Baina amesgaizto horretatik esnatu eta Alaskan nagoela ohartzen naiz. Hona iritsi nintzelako oinazean, poliki-poliki. Egia esan hau ez da uste bezain txarra, eta inguru guztia txuria den arren txuri baketsua da, hortz irribarretsu batzuen txuria. Jendea ere nahiko maitagarria da, ni izozte baten artetik salbatu eta etxera ekarri ninduen familia batez ere, nire familia.
Horrez gain, hemengo bizimodua oso lasaia da normalean: herritar gehienak uda partean dauzkaten lur apurrak lantzen dituzten arren, arrantza da jarduera nagusia. Honen ondorioz, asteko bosgarren eguna berezia izan ohi da beti, etxeko gizonak egun batzuetarako alde egiten baitute, baina despedidak ez dira tristeak izaten. Jai eta dantza giroan agurtzen dituzte aitak, maiteak eta semeak; heroiak bailiran. Anukek ere, egun hauetan bere harrokeria ohe alboko tiraderan gorde eta aitatxori muxu haundi bat ematen dio, inork ikusi ezin duela uste duenean, beti ere. Gero, gizonak itzultzen direnean jaia errepikatzen da eta familia guztiak etxean pasatzen ditu hurrengo 2 egunak; galdutako denbora berreskuratzen, antza.
Gizonen itzulera, alaitasun eta maitasun iturri zela ohartu nintzenean etxean nire benetako istorioa egun horietako batean kontatuko nuela zin egin nion neure buruari; azken finean eurek ere jakiteak egia zela ziurtatzen zidalako, ipuin guzti hura ez zegoela neure buruan soilik.
Aurrez esan bezala, lehenago ere egina nuen saiakera, baina asteko bostgarren egun horretako batean azken saiakera egin nuen. Orduantxe egoten baitziren ama, aita, Anuk, aitona eta Itsindi txikia entzuteko prest. Begietara begiratu nien. Banan-banan, urduri nengoen arren nire aberriaz pentsatu eta lasaitasunezko irribarre garden bat eskainiz. Maite nituen, eta ezagutzen nituela esatera ere ausartzen naiz; esango nuke harrituta nauzkala guztiak horrenbeste misteriorekin. Orduan, arnasa hartu eta esan egin nuen: “Denbora asko da jada hau esaten ez dizuedala baina zerbait kontatu nahi dizuet, eta gainera egia denez, sinetsi egingo didazue”. Amak bere ezpain lodiak mugituz irribarre eder bat sortu zuen, eta jarraitzeko baimena eman zidan. “Euskalduna naiz, eta Euskal Herria izeneko herrialde txiki batean jaio nintzen, horrez gain ... ni jaio nintzen lekuan zuek ezagutzen ez dizuen hizkuntza bat erabiltzen zen. Eta ni naiz haren azken hiztuna”.
Hau esan ahala, erreakzionatzeko denborarik eman gabe logelara igo eta prest neukan kutxa zaharra hartu nuen bertatik. Eskuak dardarka neuzkan baina pozik nengoen. Jarraian, egongelan gertatu zena ez dut sekula ahaztuko.
Nire kutxatxotik mapa zaharrak atera nituen, eta Euskal Herriaz hitz egin nien. Orain jada itsasopean egongo zela seguruenik, baina lehen Alaska bezain leku polita zela azaldu nien. Edertasun bera zeukan, baina berde tonuak ziren nagusi han. Larreak berde argi bizia zeukatela deskribatu nien, eta zuhaitz handi eta indartsuak ere bai: pagoak, haritzak, ... Dena mendiz inguratuta zegoen nire herria, puntan elur zuria zeukaten tontor handiak, munduaren aurrean zeinen txikiak ginen erakusten zigutenak; Alaskako lautada izoztuen pare. Itsasoaz ere hitz egin nien, negar malkoak begietatik erortzen zitzaizkidan bitartean.
Erne entzun zuten hau guztia, eta sinetsi zidatela banekien arren urduri nengoen oraindik euskarari buruz hitz egin nienean. Begiak ezin irekiago zituzten denek nire ahotsa “Euskal Herrian euskaraz” melodia kantatzen entzun zutenean. Esango nuke Anuken begien ostekaldean emoziozko tanta bat gordetzen zela.
Azkenik, kutxako argazki, kanta, liburu eta mapa artean mutikoak tolestuta zeukan arropari buruz galdetu zidan. Orduan, garai bateko memoriak gogora ekarrita, “niri deitzen didate Argitxo ...” txistukatzen nuen bitartean, pijama antzeko berdea eta txapel gorri luzearen istorioa beste batean kontatuko niela zin egin nien. Gero, kriseiluari hautsa kendu, eta ilusioz beteriko familia irribarretsuari euskarazko hitzak eta kantak kontatzen nizkien bitartean, hemengo argitxoa apur bat piztu zela iruditu zitzaidan, esperantza berrien gidari.
------------------------------------------------------------------------------------------------------------
2.Saria: 'HOMOSEXUALITATEAREN ALDEKO EGUNKARIAREN 1. ATALA' – Lore Mendizabal – 2 C
1975ko Martxoaren 3a
Inortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Zer egin dezaket? Ukatu naizena agian?
Batzuetan pentsatzen dut hori dela aukerarik onena, bizitza eroso bat eraman ahal izateko, lagunak izateko eta urte batzuk barru familia 'normal' bat osatu ahal izateko. Leihoko pertsiana betiko itxi beharra daukat. Aimar aldatzen den bitartean begiratzeko tentaziorik ez izateko, ezta bere betiko gimnasia ariketak egiten ari den bitartean ere. Beharbada, horrela, nire arreba zaharrak esaten duen bezala, 'gaixotasun hau' sendatuko zait. Dena dela, hobe ez onartzea, ez sinistea, amak eta anaia gazteak egiten duten bezala.
Orain arte bizitakoak erakutsi dit, bizitza ez dela zoriontsua izango 'homosexuala naiz' kartela bizkarrean itsatsita. Aimarren auzokidea izanda, orain ere ez nau agurtzen, beste kasu horretan ez dut imaginatu ere egin nahi. Dena dela, kasuetako batean ere ez nuke alboan izango, beraz, ahaztu beharra daukat.
Ez dakit zer egingo nukeen Amaia eta Urtzi gabe. Beraiek soilik ulertzen naute mundu honetan, eta horrela ez bada, hori sentitzen dut nik.
2007ko Martxoaren 3a
57 urte bete berri ditudan honetan, pena ematen didate garai batean pasa nituen egoerak eta izan nituen sentimenduek. Gaur egun, mundu honetako pertsonarik zoriontsuetariko bat sentitzen naiz. Hori, ezer ukatu gabe eta naizen bezalakoa izaten lortu dut. Nerabezaroan nor nintzen jakin gabe egon ondoren, iritsi ziren unibertsitateko urteak. Jende berri asko ezagutu nuen eta nire munduaren ikuspegia aldatu zen. Garaiak aurrera zihoazen heinean, jendearen ikuspegia ere aldatzen joan zen. Ni nire buruarekin seguru sentitu eta aurrez aipatutako kartel hori jarri nuen bizkarrean. Homosexualitatearen aldeko mugimenduarekin bat egin nuen eta nire burua onartzeaz gain, harro egoten hasi nintzen bertan ezagututako jendeari esker. Uste dut, maite dudan pertsona baten aipamena egin behar dudala orain, garai honetan ezagututako lagun on bat baino zerbait gehiago izan dena nire bizitzan, nire senarra.
Gaur egun, taberna bat daukagu Bilboko Alde Zaharrean. Ez edonolako taberna; ortzadar koloreekin margotuta, gure ikurra osatzen duten koloreez. Moda-modan jarri dela esango nuke, bertan biltzen baikara aste bukaeroro ehun bat lagun. Ostegunetan, bere ateak ixten dira, eskolako lagunak elkartzen baikara bertan. Garai batean, arerio izan ginenak barne, noski. Izan ere, garaiak aldatu ahala, pertsonak ere aldatzen dira, aspaldiko kontuak ahaztu eta gogoratzekotan barre eginarazten digutenak.
* * * *
Guzti hau esan ondoren, eguneroko hau argitaratzeko arrazoiak argi geratzen direla uste dut. Inork ez dezala, mesedez, bere nortasuna ezkutatu ez du merezi. Bakoitza zoriontsu izango da bere burua maite duenean eta ingurukoek ere bera maite dutenean. Homosexualitatea ez da gaixotasun bat, XXI. mendean oraindik hala kontsideratzen duen jendea dagoen arren. Kontsidera ditzagun horiek 'atzeratuak', ez baitute jakin pertsonak ulertzen, erlijioak eta ideologia kontserbadoreak esaten duena itsu-itsuan sinistu baitute.
----------------------------------------------------
3.Saria: 'ITZALEKO EGIA' – Amaia Sorazu - 2 EInortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Anaia zaharrak ere sinesten ez badit nork sinetsiko nau? Korapilo handi bat nuen neure barnean eta uste nuen esan beharrekoa esanda guztia konponduko zela. Baina orain, lehen baino okerrago sentitzen naiz. Neure begiekin ikusi nuen, hotzikara sentitu nuen hura ikustean. Eta orain, indarrez eta ausartasunez ikusitakoaren izpi txiki bat kontatu, hori besterik ez, eta ez naute sinesten. Badakit gaztea naizela, gurasoei arazoak sortzen dizkieten horietakoa, baina ezin izango nuke inoiz sinetsi horrelako egoera batera iritsi eta bizkarra ematea.
Buru arinekoa naiz, baina egun hartan ikusitako guztia, zehaztasun guztiekin dut barnean sartuta eta arreba txikiaren logela paretik igarotzen naizen bakoitzean berbera dut gogoan. Atearen paretik pasa eta arraroa egin zitzaidan Maddiren ahotsa, irribarrea ez entzutea. Beti ibiltzen da bere panpinak hartu eta antzezlanak egiten. Gogoan dut, etxeko guztiei, tximinoaren antzezlan hura egin zigunekoa. Ama, anaia eta hirurok barre eta barre pasa genuen arratsalde osoa. Aita, berriz, bere ohiko serioatsunez mantendu zen. Bere mailako abokatu batek nola egingo zuen barre 'umeen tontokeria' horiekin?
Izan ere, horrelakoa da bera. Egun osoa kanpoan pasatzen du, guretzat ulergaitzak diren gaiak eskuartean ibiliz. Egunero bere traje eta gorbata jantzi eta 'benetako kontuak' izaten omen ditu mintzagai. Eta noski, etxeko tira-bira guztiei begirada zorrotzaz begiratu eta entzungogor egiten die. Baina amak dioen bezala, "normala da hain lanpeturik ibili ondoren etxean erlaxatu nahi izatea".
Guztiek goraipatzen dute nire aita. Neuk izan ezik. Nola goraipatuko dut baina bere alabari horrelakoak egiteko kapaza den gizona? Pizti batek bere harrapakina borrokaldi luzearen ondoren bere indar guztiz zapaltzen duen bezala, gorputza gorputzarekin, izerdizko borroka batean, bizitzako azken unean izango balira bezala, halaxe ikusi nuen Maddi.
Zer pasa daiteke lau urteko ume baten burutik horrelako esperientzia bat bizi ondoren? Zer pentsatuko du, zer sentitu munstruo hori ikusten duen bakoitzean? Ez dut pentsatu ere egin nahi. Baina oraindik eta argiago dut hori berriz gertatzea ez dudala onartuko. Neure eskuekin txikitu behar badut hala izango da, baina ez da berriz errepikatuko.
Baina horrek ez du esan nahi etxekoek egia, egia biribila jakin behar ez dutenik. Egia jakin behar dute, errealitatea zein den ohartu. Horregatik saiatu naiz behin eta berriz ama eta anaiari egia kontatzen. Zehaztasun guztiak ematen benetako egia ikus dezaten. Baina alferrikakoa. Marihuana erretzen duen nerabe bat naiz beraien begietan. Imaginazioa, aluzinazioak eta haizea buruan dituena. Eta hortxe erabiltzen dute egiaren zuloa tapatzeko. Errealitateari bizkarra emateko. Baina beraiek ere badakite zein den errealitate hori, soilik, batzuetan errazagoa izaten dela arazoei bizkarra eman eta ezer gertatu ez balitz bezala jokatzea. Baina iritsiko da garaia, berandu baino lehen, egiak argia ikusiko duena.
--------------------------------------------------------
'AGUR BILBO, AGUR' – ITZIAR ALDALUR – 1 AInortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Zaila da ingurukoei hau buruan sartzea. Baina, bai. Hala da. Nik Asier Aldabaldetrekuk, 22 urte bete berri eta ingeneritzako ikasketak bukatu berri dituen mutil lotsati eta beldurtiak, orain arte lortutako guztia utzi eta etorkizunaz arduratu gabe, itsasora, arrantzara joatea erabaki dut urte guztia arrain, sare, kainabera eta portuen artean ematera. Agian gauzak ez direla nahi bezain ondo joango? Beharbada etxera uste baino lehenago bueltatu beharko naizela? Uste baino gogorrago izango dela? Bai, badakit. Baina bizitza honetan arriskatu beharra dago.
Hilabete luze bat pasa da dagoeneko ingeneru titulua eskuratu nuenetik. Gustora pasa nituen unibertsitateko 3 urteak. Luzeak, baina politak. Autobusez egiten nuen bertarainoko bidea. Beti berdinak elkartzen ginen. Amona buruzuria, anbulategian lan egiten zuen txinatarra, eskolara zihoazen 5 bat ume eta ni. Egin beharreko bidea ez zen luzea, Bilbotik Barakaldo bitartekoa. Ingeneruz, errepikatzailez, andereñoz eta maisuz goraino zegoen unibertsitate zaharra. Jende berria ezagutzeko aukera izan nuen bertan, Patxi, besteak beste. Nire edadeko ondarrutar peto-petoa zen. Honen gurasoak ingeneritza egitera behartu zuten, honek, bere arbasoak ez bezala, itsasoan lanean buka ez zezan. Liluraturik entzuten nituen honen istorio eta anekdotak. Tipo xelebrea zen. Kafetegian elkartu eta pare bat ordu erraz egin genitzakeen apunteak birpasatuz eta pare bat kokakola hartzen. Hala ere, aitortu beharra daukat, hasiera batean ez niola tutik ere ulertzen!
Hemengu al za?- esan zidan begiak altxatuz ikusi ginen lehen aldian.
Um, bai- erantzun nion zerbait esateagatik.
Bai, bilbotarra naiz eta baliteke bertakoen euskalzaletasuna oso ezaguna ez izatea. Egia da, zaila dela kaleetan zehar gure hizkuntza maiz entzutea. Ni, ordea, guztiz konbentziturik nengoen gure familia euskalduna eta edozein euskaldunekin komunikatzeko gai zela Patxi ezagutu arte. A zer hitz jarioa honek zeukana!
Urte oso bat eman nuen honen hizketara ohitzen. 'Emangotzut, ikusizu, onena za ...' Bere expresio ohikoenak buruz ikasiak dauzkat. Baita bere aitonari itsasoan gertatutako xelebrekeria denak. Behin, izugarrizko trumoi batek kostatik oso urrun harrapatu eta pare bat gizon galdu zituztela kontatu zidan. Belarriak erne eta begiak zabal-zabalik nituela entzuten nituen bere ahotik ateratzen ziren hitz guztiak. Benetan tipo harrigarria zen. Guztiaren gainetik, itsasoarekiko izugarrizko errespetua erakusten zuen. Haren alde txarrak ere beti buruan zeuzkan. Amonak, etxeko andreak, jasandako sufrimendu eta une latzak gogora ekartzen zituen guztietan bere begiak gorritu eta txikitu egiten ziren. Berarekin igarotzen nuen momentu bakoitzean Bilbo kaiola handi bat zenaren ideiak nire burua harrapatzen zuen. Ez mendirik, ez itsasorik. Trafikoa, eraikuntzak eta kutsadura. Kontsumismotik alde egiteko grina.
Ekaina iritsi eta etsamin guztiak gainditu nituen inongo arazorik gabe. Gau eta egun burubelarri; liburutik bista ez altxatzean dago gakoa. Hala ere, ez nintzen guztiz beteta sentitzen. Zerbait falta zitzaidan. Patxi agurtzean konturatu nintzen behar nuenaz:
Bilbotarra, ondo izan ta ikusiko ga! Ni, Ondarrun egongo na, hire zai!.
Bai ...- sinple-sinple erantzun nion gure lehen elkarrizketan bezala. Oraingoan, esaten zuena ondo ulertuz.
Pare bat aste nahikoak izan ziren hemendik alde egin behar nuela ohartzeko. Bilbo ez da nire hiria. Ikasteko asko daukat, nahiz eta titulu unibertsitario bat izan. Nire ingurukoei niri buruz daukaten eskema desegin eta berri bat sortarazi. Bai, hori da nahi dudana, behar dudana. Itsasora joan datorrenari aurre egitera. Olatuen artean murgiltzera. Lotsak eta beldurrak alde batera uztera, inguratzen gaituena ezagutzera. Eta nork daki, Patxiri kaso egin eta beharbada nigatik lurrean arduratuta egongo den emakume bat aurkitzera. Ondarrutar bat, itsasoaren eta mendien artean pozik bizi den emakumeren bat. Horregatik gaur, aita, ama, agur esatera etorri naiz. Etxetik noa abentura batean murgiltzera. Nahiz eta inortxok ez sinestu, nigan konfiantza nahikoa ez izan edo burutik jota nagoela pentsatu. Ni, banoa. Ondo izan eta itzuliko naiz.
-------------------------------------------------------------------------
'AMETS GEOMETRIKO BAT AGIAN?' – ENEIDA EGAÑA – 1 CInortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Dena, teoriaz egun zoriontsu bat izan behar zuen egun hartan hasi zen.
Larunbat gaua zen, baina ez edonolako larunbat bat, ez; nire urtebetetze eguna zen alegia. Baserrira nindoan goizean goiz, nire familia ugariarekin egun ahaztezin bat igarotzeko asmoz.
Goizean goiz jaiki nintzen, goizeko 6:00ak aldera, eta ohikoa ez zen ekintzaren batekin eguna hastea ez zela batere gaizki egongo pentsatu nuen. Beraz, ogia erostera joan eta etxeko hondakin zorroa zakarrontzira bota nuen, uste nuena baino errazagoa izan zen.
Etxera iritsi nintzenean hasi ziren gauzak okertzen, oina etxean sartu eta giro desatsegina sumatzen hasi nintzen. Hortaz, guraso eta anai-arreben gelara sartu nintzen dena ondo zihoala ziurtatzeko. Izugarrizko ezustekoa! Inor ez zegoen bere ohearen goxotasunean, denak falta ziren. Zoro baten pare beraien bila hasi eta ... hara non zeuden! Armairu baten barruan sartuta niri susto desatsegin bat emateko asmoz.
Gertatutakoaren ondoren oparitxo batzuk jaso nituen pasatako une txarra ahaztu nezan. Oparien paperak amorru handiz txikitzeaz bukatu ahala, baserrirantz abiatu ginen.
Berdez inguraturiko familia eta adiskidetasun usaina zuen eta hainbeste maite nuen etxera iritsi ginen. Bertan itxaroten nituenek muxu eta besarkada artean ito ninduten, eta horren ondoren mendi bueltatxo bat ematera joan nintzen bakardadean.
Halako batean, azken hilabeteetan ametsetan entzun ohi nituen kantu goxoen sinfonia paregabeaz gozatzen hasi ziren nire belarriak. Erliebe harritsu hartako harririk dotoreenetik zetorren musika, bertan eserita zegoen lamia ilehori baten ahotik. Bertara gerturatu nintzen kuriosidadearen laguntzaz, eta lamiaren alboan gizon dotore batzuk zeuden sastraka artean. Denak oso pozik zeudela ziruditen, eta nik ahots atsegin batez agurtu nituen. Kaka zaharra! Ez nekien ez zergatik, ez nola, ez zer ... baina agurrarekiko eman zuten erantzuna ez zen batera ona izan. Gizonak sasi artetik atera eta zaldi gorputza zutela ohartu nintzen eta lamia lirain hura sorgin maltzur bihurtu zen, eta hau baldin bazen dena zortea izango nuen, baina ez, ez nuen zorterik izan, nire atzetik korrika hasi ziren.
Sorgina hegan zihoan eskuan edabe bat zuelarik eta gora begiratu nuenean zas! burutik behera bota zidan gorri koloreko likido zerri hura. Handik bi segundura seko lurrera erori nintzen, eta amets amaiezin batean murgildu nintzen, irudi geometrikoen jarioak ez ziren falta ametsean eta denbora? Zer zen hori?, ez nintzen pasatzen zen denboraz jabetzen.
Hiru, bi, bat, pum! Trapezioa erori zitzaidan gainera. Zorabiatuta nengoen baina bat-batean ametsetik esnatu nintzela ohartu nintzen. Nire lehengusua nuen alboan kezkaturik, pasatako bi hilabetetan non egon nintzen galdezka.
Jakingo banu non arraio egon nintzen bi hilabete haietan, ez nintzen hemen egongo, zoroetxe honetan. Inork ez dit ezertxo ere sinisten lamia, trapezioa, ...
--------------------------------------------------------
'USTEAREN EGIA' – ARANTXA FERREIRO – 1 DInortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Berak ulertuko zuela pentsatu nuen, baina oker nengoen. Nire usteak besterik ez zirela eta txorakeriarik ez esateko errepikatu besterik ez zuten egiten, baina 16 urterekin, ikusi nuena egia zela esateko nire arrazoiak nituela uste nuen; ezin nuela amore eman.
Larunbat gaua zen; futboleko taldekoekin afaltzetik bueltan tabernetan izan ginen. Trago bat, beste bat ... izugarrizko anbientea geneukan. Alkoholak eraginda edo, pare bat neskarekin hitz egitera ausartu nintzen. Orduan ere kale; lehenengo hitzak esan ostean alde egin zuten. Nire irribarre handienarekin agurtu nituen, nahiz eta kasu gehiegi egin ez zidatela jakin.
Etxerako bidean, lagunak utzi eta gero, betiko kale ilunetatik pasatu nintzen. Txiki-txikitatik ezagutzen nituen kaleak, eta ordurako banekien ordu haietan jenderik egoten ez zela. Egun hartan izan ezik. Gizon bat ikusi nuen, jertse potolo eta manta bat besterik ez zituela soinean. Begira geratu nintzen, ez dakit zergatik baina arraroa egin zitzaidan. Aurpegi ezagun bat zuen, baina ez herriko kaleetan ikusitakoren batena. Telebistan edo ikusia nuen. Mozkor xamar nengoela jakin arren, ezin nuen aurpegi hura burutik kendu.
Goizean, esnatu eta telebista ikustera joan nintzenean ama pelikula bat ikusten aurkitu nuen; Brad Pitten berria. Amak oso gogoko zuen aktore hau. Pelikula, niri logela txukuntzeko errepikatu baino gehiagotan ikusia bazuen ere, ez zen aspertzen.
Orduan izan zen; aurreko eguneko gizonaz ahaztuta nengoen, baina Brad Pitten aurpegia pantaila handian ikusi nuenean konturatu nintzen. Hura zen; ezinezkoa iruditu arren, hura zen aurreko gauean ikusi nuen gizona. Ezer ez esatekotan egon nintzen baina ezin izan nion eutsi.
Amak begiratu ninduenerako ideia txarra izan zela konturatu nintzen.
- Baina zu tontotuta al zaude? Hori pentsatzerik ere ... atzo edan zenuen guztia jakin nahiko nuke nik!
Horrela jarraitu zuen pare bat minutuan, baina ez nion jaramon gehiegirik egin. Nahi duenean prentsa arrosakoek baino gehiago hitz egin dezake amak!
Bazkaldu eta bertara bueltatuko nintzela erabaki nuen. Baina han ez zegoen inor. Amak ni sinistea nahi bazuen, bertara joan eta berak ikustea izango zen onena, baina beranduegi zen. Amorruaren amorruz, etxera bueltatu nintzen. Pare bat aste eman zituen nire anaia Mikelek niri adarra jotzen. Gezurrak besterik esaten ez nituela eta inoiz berriz sinistuko ez zidala.
Ikastolan ere, nik esandakoaren txutxumutxuak zabaldu ziren. Barre eta algaren artean etxera guztiz mozkortuta iritsi nintzela azaldu zidaten eta nik ere barre besterik egiterik ez nuen izan. Nire neskalagun berriarekin ere hitz egin nuen horri buruz, eta ea berari ere inoiz gezurrik esan ote nion galdetu zidan. Baina, nola likete inork ez sinistea?. Azkenik amore eman nuen; eta nire irudipenak besterik ez zirela konbentzitzen saiatu nintzen.
Pare bat hilabete pasa ziren, hiru agian. Igandea zen eta amak derrigortuta zinera joan ginen. Nola galduko zuen ba amak bere aktorearen pelikularen estreinua? Bada, gure eserlekuetan jarri, palomitak eskuan hartu eta 'Tu vida es una miseria' hasi zen. Orduantxe ikusi nituen ezagun zituen kaleak, txikitatik ikusitako etxeak, eta erdian, gau hartan ikusi nuen gizon hura! Brad Pitt.
------------------------------------------------------------------------------
'IKUSIKO DUGU ZER GERTATZEN DEN' – KRISTINA MARTIN – 1 EInortxok ere ez dit sinesten. Ezta etxeko katuak ere.
Behin eta berriz kontatu diet guztia etxekoei, zehatz-mehatz, patxada handiz eta guztien begirada ironikoekin batere haserretu gabe. Alferrik baina.
Ni ez naiz gezurtia, baina gure anaiari kontatu nionean, “Asier gezurtero, Asier gezurtero!” hasi zitzaidan oihuka. (Asier eta egia gurutzatuen liburua – Gerardo Markuleta)
Behin eta berriz azaldu nion gertatu zen guztia, oihukatu eta guzti egin nion baina ezer ere ez, ez zidan sinetsi.
Dena orain dela bi urteko goiz sargori batean hasi zen. Etxean geunden telebista ikusten familia guztia baina denak izerdi patsetan. Etxeko aire egokitua txarto zebilen eta leihoa irekitzen banuen bero guztia sartzen zen etxera. Orduan, sofan ia lotan zegoen nire amari kalera buelta bat ematera nindoala esan nion. Nire amak baietz egin eta hantxe irten nintzen ni gure etxeko atetik. Dena oso polita ikusten zen kalean. Jendea parkean zegoen, umeak poz-pozik txirristadatik jeisten eta ume batzuk erosi berri zuten izozkia miresten. Momentu haiek nire txikitako pasarte asko gogora ekarri zidaten eta nahi gabe, nire fantasiazko munduetan nongoela, txori bat bezala libre hegan egiten nengoela, hiriko suburbioetan sartu nintzen konturatu gabe.
Tristea zen han egotea eta nire sentimenduak goibeltzen hasi ziren leku ilun, zikin eta beldurgarri haietan sartzean. Nire aurpegia pozik egotetik azkar-azkar eraldatu zen triste egotera. Kale estu batean geratu nintzen pentsatzeko asmoz baina iluntasunak nire barnea menderatu zuen. Handik irten nahi nuen, nire txikitako alaitasuna berreskuratu, libre izan.
Momentu batetik bestera auto beltz bat agertu zen kalearen erdian, ez zuen ematen suburbio horietatik atera izana. “Ferrari” markakoa zen, bere larruzko eserlekuekin eta guzti. Bat-batean, oihuak entzun nituen eta beldurtzen hasi nintzen, oihuak gehiagora iritsi zirenean mugimendua ikusi nuen autoan eta handik irteteko gogoa izan nuen baina nire senak hantxe bertan geratzeko esan zidan eta halaxe egin nuen. PUM! Dena ikusi nuen. Momentu hartantxe nahiago nukeen jaio ez banintz. Inoiz ez nintzen egon horrelako egoera batean. Inpotentzia. Neska hari laguntza ematea nahiko nukeen, baina, jada ezin nuen ezer ere egin. Hilda zegoen. Kale ilun horren erdi-erdian. Ez nekien zer egin, hain nengoen beldurtuta ... Ezerezean, neskarengana hurbildu nintzen, gutxienez bizirik zegoen ikustera. Baina ezer ere ez. Bihotzaren aldean hiru tiro zituen, gehi aurpegian zituen ukalbilkadak.
Ez nekien zein zen, pertsona ez identifikatua. Hasieran poliziari azkar deitzea otu zitzaidan baina galdera asko erantzun beharko nituela gogoratu nuen eta kartzelan sartu ahal nindutela ere bai. Gainera, txarrena, hiltzailea zein zen banekiela zen eta horrek gauzak txarrera eramango zituela pentsatu nuen: mehatxuak, atzetik denbora guztian hiltzailearen lagunak edukitzea, etxez aldatzea ... eta ez nuen nahi hori horrela izaterik.
Orduan, neska gajoa han utzi eta berriro bueltatu nintzen etxera beldurturik eta dardarka. Etxe azpiko tabernan “Coca Cola” bat hartu, pixka bat lasaitu eta etxera igo nintzen eskailerak erabiliz, ez igogailua beti egiten nuen bezala.
Hortik aurrera hasi zen nire infernua, egunero amesten nuen neskarekin, hiltzailearekin, kotxearekin. Ez nuen ezer kontatu nahi, nire ahoa pixka bat irekitzen banuen, momentu hartan hiltzeko arrazoi nahikoa izango nuelako. Baina orain dela gutxi etsi egin dut. Ezin dut nire barnean gehiago sekretu hau gorde. Nire ametsek ezin dituzte beste pentsamendu batzuk eraiki. Neska eta hiltzailea dira hauek eraikitzen dituztenak eta bi urtetan hau gordetzea nahikoa izan dela pentsatzen dut. Aski da.
Nire gurasoei hau kontau eta ez didate sinetsi, gezurti ere deitu didate. Ezin dut gehiago. Bihar nire lagunaren aitari kontatuko diot guztia. Etsi egin dut, onartzen dut. Ikusiko dugu zer gertatzen den.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina