Haur eta gaztetxoentzako literatura suspertzea helburu du
Lizardi Sariak. Aurten 32. edizio izan da eta Ramon Olasagasti (Berrobi, 1972) kazetari, itzultzaile eta
idazleak irabazi du, Sugaar ipuinarekin.
Lizardi Saria Zarauzko Udaleko Kultura sailak antolatzen du. Aurten,
hamazazpi lan aurkeztu dira lehiaketara, eta epaimahaia Jesus Mari Olaizola Txiliku, Miren Agur Meabe, Iñaki Friera eta
Gari Berasaluzek osatu dute . Epaimahaiak argitu duenez,
"istorio klasikoa da, baina oso ondo egituratuta dagoena. Misterio
puntua ere badu, eta amaiera biribileraino erraz bideratzen du
irakurlea, oso euskara sanoan idatzitakoa. Pertsonaia asko agertu arren,
orekaz antolatuta dago narrazioa, eta haurrek gustura irakurtzeko
moduko lan ederra da. Uste okerrei eta sineskeriei buruzko istorioa da".
Ramon Olasagasti kazetaritzan aritu da hainbat urtean. Sasoi batean, Euskaldunon Egunkarian
mendiko gaien inguruko albisteak jorratzen zituen, eta mendiari buruzko
gehigarriaren arduraduna izan zen. Gaur egun, itzulpengintzan aritzen
da eta Tolosan bizi da. Liburugintzan, Manuel Iradier, Afrikako arimaren esploratzailea (Elkar, 2009) biografia, eta mendiak eramandako 22 euskal mendizaleren bizitzak biltzen dituen Mendi minez (Elkar, 2007) lanak argitaratu izan ditu lehenago.
Iturria: Galtzaberri
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina